Proiektua

TXURI BELTZA (1)

PROIEKTUA

2018an du abiapuntua “Inor ez da ilegala” proiektuak. Erreportaje bat egiteko asmoz, Bilboko kale-saltzaileen Mbolo Moye Doole elkartera jo zuen Argiak, migratzailez osatua, batez ere Senegaldik etorriak. Elkarrekin zerbait egiteko gogoa eta beharra piztu ziren, bai Argia eta bai Mbolo indartzeko, injustizia hizki larriz bistaratzeko. Eta aldarrikapena ardatz duten kamiseta grisak sortu genituen: “Inor ez da ilegala” euskaraz, “Amul been nit ku leegalul” wolofez.

Erosten duzun produktu bakoitzarekin Mbolo Moye Doole elkarteari egiten diozun ekarpen ekonomikoari esker, bost urtetan 35.000 eurotik gora jaso dute. Kale-saltzaileak eurak doaz erabakitzen diru hori nola kudeatu. Hasieran, kooperatiba sortzeko gorde zuten, baina traba trabaren atzetik, bertan behera geratu zen ideia; pandemian, dirua baliatu zuten erresistentzia-kutxa sortzeko; eta orain ere, beharrak agintzen du diru horrekin zer egin.

Alde ekonomikotik harago, mezu garbia zabaltzeko balio du ekimenak. Mboloko Bouba Dioufen hitzetan, “migratzaile izate hutsagatik, beltza izateagatik, zapalkuntza handia jasaten dugu eta mezu hori barreiatu dugu, proiektu borrokalaria da”.
Zoritxarrez, inoiz baino biziago jarraitzen du egitasmoak, eta horren lekuko dira migrazio politika krudela, sufritzen duten jazarpen legal eta instituzionala, diskurtso xenofobo, arrazista eta faxisten gorakada, Poliziaren gehiegikeriak…

“Elkartasunaren indarra behar dugu, inor atzean ez uzteko”

Migratzaileek pandemia garaian bizi dituzten zailtasunez, paperik ez izateak duen eraginaz eta zaurgarrienak jomugan dituen lege eta politikez aritu da Bouba Diouf: “Giza eskubideek denaren gainetik egon beharko lukete”. Bilboko kale saltzaile senegaldarren Mbolo Moye Doole elkarteko kidea da bera, baita “Inor ez da ilegala” proiektuaren parte ere.

"Zerbait egin dezakegu, ala horrela jarraituko dugu?"

Senegaldik Bilbora Pape Niang-ek egindako bidaia eta migrazio prozesuari lotuta protagonistak bizitako barne-bidaia kontatzen ditu Pape Niang. Hasiera berri bat liburuak. Mikel Garcia Argiako kazetariak idatzi du